Muy  Bastas

5 gazte, 5 gaztaro erdibitu

Maitane, Xabier, Arkaitz, Aitor eta Ekaitz.

5 gazte, 5 gaztaro, 5 bizitza urratu.

Beste 5 gazte esaten hasteko tentazioa izan dut, eta artxibategi edota fundazioren bateko memoriatan bilduta egongo badira ere, dagoeneko kontua galduta dut zenbat gazte bizitza erditik ebakiak izan diren euskal gatazkaren justifikaziopean.

Baina ez dut beste 5 esan nahi, orain eta hemen Maitane, Xabier, Arkaitz, Aitor eta Ekaitzen bizitzak urratuak izango direla komunikatu nahi dut, letra larriz komunikatu. 5 gazte eta 5 bizitza.

Disidente sentitu eta praktikan jartzea izatea inoiz ez da erraza izan, eta 2013.urtean erraza izan gabe jarraitzen du.
Arau inposatuaren aurrean ezetz esatea eta are zailago dena, ezetz honi baiezko sortzaile batekin erantzuteko erabakitasuna izatea. Ezarrita datorkigun bizi-ereduari alternatibak bilatzea, normaltasun kapitalistaren arauak ukatzea eta gainditzen saiatzea, euskaldun eta abertzale gisa zuen kosmobisioa eraiki eta honekiko errespetua exigitzea.

Guzti hau eta burutu dituzuen zorioneko beste hamarnaka arau-hausteengatik zokoratu nahi zaituztete, zuen ingurune natural, emozional eta politikoaren joko-zelaitik kanporatu, zuen gaztaroaren ateak itxi.

Disidentzia horren praktikak eramango zaituzte espetxera, disidentzia onartzen ez duen sistema juridiko-politikoak espetxeratuko zaituzte berriro. Herritar gisa dagozkigun eskubide zibil eta politikoak gauzatzea izan da zuen delitua eta paperean aitortuak zaizkigun eskubideen gauzatzeagatik delinkuente bilakatu zaituztete.

Eta berriz ere disidente agertu zarete gaztaroa baldintzatu nahi dizuen sententziaren aurrean. Elkartasunari esker ate itxien lengoai artean ateak ireki dizkizuen jendea topatu eta zabaldutako ate hoien samurtasunean, zuen disidentziaren naturaltasuna helarazi diguzue. Zuen egoeraren larritasuna erakusten duen atea zabaldu diguzue.

Bada nire bihotzaren atea ireki duzue ere, eta beste 5 gazte ez zaretela gogorarazi didazue. Hori adierazteko, hori ohiukatzeko larunbatean goizeko 12.30etan Donostiko Bulebarreko hitzorduan izango naiz.

Arkaitz Martinez de Albeniz. Gasteiz

https://i0.wp.com/www.plazara.org/wp-content/uploads/2013/01/Atea-zabalik12.jpg?resize=660%2C910

https://i1.wp.com/sphotos-b.ak.fbcdn.net/hphotos-ak-prn1/14818_320002294776826_244955438_n.jpg?resize=643%2C910

 

Idatzi erantzun bat