Muy  Bastas

Desobedientzia Euskal Herrian (via topatu.info)

Naturan txikizioa eragingo duen makinaren aurrean jartzea, ezarritako sistema kapitalistari norberaren gorputzarekin aurre egitea… Asko teorizatu da desobedientzia zibilaren inguruan. Baina, teoriak baino, askoz ugariagoak dira jardun politiko mota horrek ezagutu dituen kasu praktikoak. Horren adibide argia da Euskal Herriko azken hiru hamarkadetako historia.

Zer da desobedientzia?

Desobeditzea legea modu kontziente, mediatiko eta publikoan haustean datza, indarkeriaren erabilerarik egin gabe jendarteko egoera bidegabeak salatu eta gainditzeko asmoz.

Jendartearengan zirrararen boterea erabiliz (ekintza ikusgarriak eginez), aldaketa sozial eta politikoak bultzatzea du xede desobedientzia zibilak.

Jendeak uste duenaren aurka, desobeditzea ez baita zerbait eraisteko bidea, beste errealitate bat eraikitzeko bidea baizik, ate berriak zabaltzeko aukera ematen duena.

Indarkeria gabeko ekintzek tentsioa sortzen dute berez, adi-adi jartzen dute jendea, eta urduri sistema. Zapaltzaileak ez du sekula bere borondatez aurrerapausorik emango instituzionalizatua dagoen bidegabekeria jakin bat soluzionatzeko. Mugitu! mugimenduko kidea den eta Yolanda Barcinari tartakada bota zion Gorka Ovejeroren hitzetan, “botere publikoak beste aukerarik ematen ez duenean, desobedientzia da geratzen zaigun tresna bakarra”. Esparru horretatik eragin nahi du desobedientzia zibilak: legeak hautsiz, baina bidezkoa dena eginez. Beste modu batean esanda, legeak dioena errefusatu eta kontzientziak oihukatzen diona egiten du ekintzaileak, metodologia jakin bat jarraituz.
Desobedientziaren hastapenak

Besteak beste Mahatma Gandhi, Henry David Thoreau, Martin Luther King eta Bertrand Russelek irekitako bideak bizi-bizirik jarraitzen du egun.

70 eta 80ko hamarkadetan mundu osoko mugimendu eskuindar zein ezkertiarren artean borroka armatuaren erabilerak indarra eta prestigioa hartua zuen bitartean, desobedientzia zibileko mugimenduek indarkeria ezan topatu zuten zilegitasuna eta koherentzia. Sormena eta irudimena hartu zituzten armatzat, jendartean mezu zehatz eta zuzen bat zabaltzea izanik helburu.

Euskal Herrian, mugimendu horren adibiderik ezagunetarikoena zerbitzu militarraren aurka gauzatutakoa izan da. 80.hamarkadatik aurrera, milira joateari uko egin zioten Euskal Herriko makina bat gaztek. Erabaki “gogorra” izan zela azaldu du Luis Miguel Garcia Cavadasek. Duela 25 urte sartu zen Kakitzat koordinakunde antimilitaristan, eta oraindik ere bertan dabil. Espainiar estatuaren indar armatuetan sartzeari uko egiteagatik urtebete pasa zuen kartzelan. Orain, derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera geratu den arren, borrokak jarraitzen duela azpimarratu du Cavadasek: “Kontuan hartu behar da aurtengo gastu militarra 16.500 milioi eurokoa dela, krisi garaia izanik gainera”. Militarismoaren eta arma-industriaren aurkako etengabeko borroka horretan, desobedientziak bere presentzia izan du beti.

Antimilitarismoa ez da izan desobedientzia zibila baliatu duen Euskal Herriko mugimendu bakarra. Itoitz, AHT, preso politikoekiko elkartasuna… Adibideak ugariak eta anitzak dira. Ovejerok uste du desobedientzia zibila egiten jarraitu behar dugula: “Bai AHTrekin, bai euskararekin, bai etxegabetzeekin… Desobedientzia delako jendarteri geratzen zaion tresna indartsuenetariko bat”.

Desobedientziaren DNA

Errepide mozketa Donostiako bederatzi gazteren aurkako zigorra salatzeko

Errepide mozketa Donostiako bederatzi gazteren aurkako zigorra salatzeko

Desobedientzia zibilaren nortasun ikurra publikotasuna eta bortizkeriaren erabilerarik eza dira. Horrek egiten du berezi gainontzeko lege hausteengandik. “Publikoki egin dugu ekintza zuzena, erantzukizuna gure gain hartuz beti”, azaldu du Julio Villanuevak, Itoitzeko solidarioa izateaz gain Barcinaren aurkako tartalaria ere izandakoa denak. Urtegia zeharkatzen zuten kable batzuk moztu zituztenean kazetari talde bat gonbidatu zuten ekintzaren lekukotza jaso zezan.
Desobedienteak, preso eramaten dutenean, jendarteak erreakzionatu egingo duela pentsatzen du, metodologia horri jarraiki egiten du ekintza zuzena, masa borroka pizteko helburuarekin. Baina, askotan, ez da hala gertatzen, posible delako hedabideek ekintzilea kriminalizatzea.

Desobedientzia zibilaren eta bide bortitzen erabilerak ez dira kontrajarriak izan praktika politiko beraren baitan. Desobedientziaren teoriko nagusienetako bat gisa kontsideratua dagoen Henry D. Thoreauk, adibidez, ez zion uko egin John Brown bezalako pertsonaia baten aldeko apologia egiteari. Esklabutzaren kontra jarduteko armak erabili zituen Brownek, eta Thoreauk bere borroka defendatu eta miretsi zuen Apologia del Capitan John Brown izeneko testuan. Bakearen arketipo ideala bezala ezaguna den Mahatma Gandhik ere ez zuen indarkeriaren erabilera guztiz errefusatu, II. Mundu gerran aliatuak Indian sartzearen aukera begi onez ikusi baitzuen, herrialdea Japoniagatik inbaditua izaten bazen.

Dena den, ia beti, efektu mediatikoa da desobedituz bilatzen dena. Barcinaren aurkako tartakadena, adibidez, Abiadura Handiko Trenaren eztabaida “lehenbiziko lerrotan” jartzeko burutu zen, Ovejeroren arabera. “Ekintza horri esker, AHTren gaia hilabete luzez egon zen eztabaidagai, batez ere Nafarroan”. Mugitu!-k egindako bestelako ekintza batzuk ere (ibaiak berdez tindatzea edota isun faltsuak banatzea) jendearengan eztabaida sortzea ahalbidetu dute. Izan ere, Ovejeroren aburuz, behin obrak hasita, eztabaida agortu egin zen, eta beharrezkotzat jo zuten estrategia aldaketa bat, desobedientzian aurkituz borrokarako habia.

ERREPRESIOA

Barcinari tartakada bota ziotenen aurka hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak eta Villanuevak, bere aldetik, kartzelan amaitu zuen Itoitzeko kableen mozketagatik. Gainera, kode penala “indartu eta gogortu” egin da, Villanuevaren ustetan: “Itoitzeko garaian gaur egun oso zigortuta dauden hainbat eta hainbat ekintza egiten genituen eta artxibatu egiten ziren”. Gainera, insolbentearen figura existitzen zen lehen. Solidarioen taldean ekintzak egiteko baldintzetako bat insolbentea izatea zela oroitzen du Villanuevak.

Horretaz gain, ezberdina da desobedientzia zibilak herrialdearen arabera jasotzen duen errepresio maila. Barcinaren aurkako ekintzaren kasuaz hitz egiterakoan, Frantziako ministro bat tartakatu zuen gazte baten kasua gogorarazten du Ovejerok. Gazteari 400 euroko isuna jarri zioten iaz, eta beraiek hamar urteko kartzela zigorrari egin beharko diete aurre. Hala ere, Villanuevak nabarmendu duenez, gogortze horrek erakusten du halako ekintzek botereari min egiten diotela. Errepresioari aurre egiteko “sostengu sozial zabala” lortu behar dela gaineratu du, errepresioa “zama handia” delako euren borrokan.

Horregatik, gaur egun AHTren aurkako Mugitu! mugimenduak egiten dituen ekintzak, desobedientzia zibilaren barruan kokatuak egon arren, askoz parte hartzaileagoak direla argitu du Villanuevak. “Ondorio legal minimoak” izatea da aldaketa horren helburua, “ekintza gogorragoak” egitea baztertu gabe betiere. Horretaz gain, Villanuevaren ustez beharrezkoa da desobedientzia taldeetan erreleboa egotea: “Jende asko bazterrean geratzen ari da ekintza bat egitekotan kartzelara joan litekeelako”.

Desobeditzen jarraitu beharra dagoela azpimarratu du Ovejerok: “Desobedientzia zibilean askotan ezin duzu egoeran gehiegi pentsatu, gauzak egin egin behar dira”. Villanuevak ere bat egiten du iritzi horrekin: “Borroka guztiz beharrezkoa da, borrokarik gabe ez dugulako inoiz askatasunik lortuko”. Villanueva, Ovejero, Cavadas eta beste hainbat ekintzailek sistemaren errepideetan eserita jarraitzen dute, borrokan, bide hobeen bila.

Idatzi erantzun bat