Muy  Bastas
Archive | urria, 2013

Desobedientzia! – Elkartasunetik konpromisora (a aflojar panoja!!)

TAMBIÉN ESTÁ EN CASTELLANO

Proiektuaren deskribapena

 

 

200 EUSKAL HERRITAR MILITANTZIA POLITIKOAGATIK EPAITUAK

Urriaren 14an hasi da Audientzia Nazionalean Segiko kide izatea leporatzen dieten 40 gazte independentisten aurkako epaiketa. 2009ko azaroan egindako sarekadan atxilotu zituzten gehienak. Gaur egun, guztiak aske badaude ere, urte eta erdi eta bi urte artean eman zituzten baldintzapeko espetxealdian. Horietariko askok torturak salatu zituzten inkomunikatutako atxiloketa aldiaren ondoren. Fiskalak 6 urteko espetxealdia eskatu du inputatu bakoitzarentzat.

Horrez gain, urriaren 17an, Aieteko nazioarteko konferentziaren bigarren urteurrenarekin batera, 35/02 sumarioaren makroepaiketa hasi da. Bertan, Audientzia nazionalak ezker abertzaleko 36 militante epaituko ditu Baltasar Garzon epaileak 2002ko apirilean hasi zuen prozesuaren baitan, zeinean 11 lagun atxilotu eta 75 Herriko taberna itxi zituzten. Fiskalaren eskaera 8 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorra da. Prozesatuetariko bakar bati ere ez zaio indarkeria ekintzarik leporatzen, proiektu politiko batean parte hartzea baizik.

Behin-behineko espetxealdia ekidin ahal izateko, inputatuek osotara 1.700.000€ko bermea ordaindu behar izan zuten.

Bi makroepaiketa horien gastuak 1.000.000€ ingurukoak izango direla aurreikusita dago, eta luzatzen den hilabete bakoitzeko 200.000€ gehitu beharko zaizkio kopuru horri.

Prozesu horiei ebazpenaren zain dauden beste sumario batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola, Askapena, abokatu, Ekin, EHAK, ANV, Askatasuna eta Apurturen aurkakoak.

Eta honi guztiari Herriraren aurkako operazioa ere gehitu behar diogu. Horrek 18 atxiloketa, luzatu daitezkeen bi urteko jardunaren etena, egoitzen, web orrien eta sare sozialetako kontuen itxiera eta banku-kontuen blokeoa ekarri ditu.

Baina errepresioa ez da hemen amaitzen. Gaur egungo “krisi” egoera hasi zenetik hainbat egiturazko erreforma burutu dituzte politika neoliberalak sustatzeko, gizartearen ondasunak esku pribatuetara bideratzeko eta klase gidariaren abantailak mantentzeko helburu argiarekin. Konstituzio-eraldaketa, gizarte-segurantzarena, langileen estatutuarena, hezkuntzarena… eta orain, herritarron aurkako erreforma horiek guztiak babesteko, zigor-kodearen erreforma gauzatu dute, gizartearen erantzuna are gehiago kriminalizatze aldera. Estrategia horren adibiderik garbienetakoa “desordena publikoa” delituaren aldaketan ikus dezakegu. Bertan, delitu horren pean sailkatuko liratekeen egoera berri asko sartu dituzte. Eta ez hori bakarrik, kartzela-zigorra orain 6 urtera bitartekoa da, eta, gainera, isunekin edota kartzelarekin zigortuko dute entitate publikoetan (banketxeak kasu) sartu eta bertako jarduna oztopatzen edota ixteko orduan handik ateratzen ez direnak.

Euskal Herrian egindako azken greben harira, izugarria da atxilotutako, auziperatutako, isuna jasotako eta kondenatutako pertsonen kopurua; Nafarroan soilik, datuak sekulakoak dira: 74 atxilotu, 3 kondena sendo (16 hilabeteko kartzela-zigorra) hiru pertsonen aurka, 4 urteko kartzela-zigor eskaerak beste bost pertsonen aurka, eta, azkenik, 5.700 euroko isuna. Halaber, aurtengo urtarrilaren 10ean, pikete informatibo batean egotea leporatuta 18 pertsona epaitu zituzten Gernika-Lumon; 18 lagun horiei 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen diete, baita 6.000 euroko isuna ere bakoitzari. Bestetik, Bilboko Epaitegi batek urte bat eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ebatzi du bi gazterentzat, 2012ko martxoaren 29ko greban ertzainen bati eraso egitea leporatuta.

Ekintzaile begano bat atxilotu zuen GAR taldeak 2011ko ekainaren 22an, animalien eskubideen defentsan aritzen diren mugimenduen kontrako Estatu mailako ekintza errepresibo baten baitan. Behin-behinean espetxeratu zuten 19 egunez, eta gero behin-behineko askatasuna eman zioten, baina karguak egotzi; epaiketaren zain dago orain.

Azaroan hasiko da Iruñerriako bi gazteren aurkako epaiketa; 11 eta 17 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatzen dute haientzat, 2010eko Sanferminetan, txupinazoan, ikurrina atera zutelako.

Auzitegi Gorenak 6 urteko kartzela-zigorra jarri zien Barañaingo bi gazteri haien militantzia politikoagatik. Inkomunikazio-aldian egindako autoinkulpazioak daude kondena horren oinarrian. Gazte horietako bat atxilotu dute. Ebazpenaren aurrean, ezkutatzea erabaki zuten erantzun desobediente bat eman nahian, eta elkartasunezko ekimen modura, dozenaka etxe aurkitu zituzten, dozenaka ate zabalik.

BAKEA LORTZEKO ASMOZ EGITEN DEN LAN POLITIKOA BALDINTZATZEN JARRAITU NAHI DUTE EPAIKETEK

Gehiengo sozialak zein nazioarteko eragile esanguratsuek jarrera argia dute bake eta elkarbizitza demokratikoa bermatzen duen eszenatoki baterantz aurrera egiteko. Gatazkaren konponbiderako garapenaren ikuspuntutik, biziki larria da delitu politikoengatik edota euren iritziagatik oraindik ere hamaika pertsona jazartzea, epaitzea eta espetxeratzea.

Gogoratu behar dugu, halaber, nazioarteko hainbat erakundek (hala nola Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak, Torturaren prebentziorako Europako batzordeak eta Amnistia Internazionalak) behin baino gehiagotan galdegin diotela Espainiako Estatuari terrorismoaren aurkako politika eta legediak berrikus ditzan, nazioartean onartutako eskubideen ukapena ahalbidetzen dutela aski ezaguna delako.

Nazioarteko erakunde horiek bereziki tematu dira Espainiako Estatuak behingoz utz dezan jardun politikoa ekintza terroristatzat hartzeari, atxilotuen inkomunikazioa ahalbidetzen duen salbuespenezko legediari eta tratu txarren zein torturaren alde egiten duten zigorgabetasun eta opakotasun esparruak erabiltzeari; era berean, kezkatuta agertu dira iritzi eta delitu politikoen kasuan baldintzapeko espetxealdiaren gehiegizko erabilerarekin.

Urrirako aurreikusitako bi makroepaiketek, edota gainontzeko epaiketa politikoek, aniztasun politikoa ezabatzeko asmo garbia adierazten dute, ideien defentsarako eskubideen eta Euskal Herriaren garai berrietara egokitzeko borondatearen aurkako erasoa eta irtenbide baketsu baterako blokeo argia.

DISIDENTZIARAKO ESKUBIDEA ALDARRIKATZEN DUGU

Eleak (eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua) injustizia eta inboluzio egoera horri erantzuna ematen hasi da desobedientzia zibila baliatuta. Aurore Martin babestu eta haren atxiloketaren izaera politikoa ikusarazi eta hilabetetan luzarazi zuen herri mobilizazio zabal eta anitza hori eredu hartuz. Donostiako Aske gunetik Iruñeko Herri Harresira, eta Ondarroako zubitik igaroz, errepresaliatuekiko elkartasuna ugarituz joan da.

Era berean, azken bi makroepaiketetan inputaturikoak Libre herri-ekimena antolatzen hasiak dira.

ELEAK ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO MUGIMENDUA DA

Oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa eta egiturazkoa bizi dugula uste dugu. Berez botereari mugak ezartzeko eta herritarroi eraldaketa sozialerako edo kritikarako tresnak bermatzen dizkiguten horien urraketa bereziki.

Kalea neutralizatzeko eta espazio publikoa indargabetzeko saiakera nabarmena da, hor adierazten baita kolektibotasuna, hor plazaratzen baita komunikazioa eta protesta. Eta horretarako baliatzen ari diren tresna nagusia legedia da, botere politiko-instituzionala mugatu beharko lukeen hori bera. Estatuaren salbuespenezko legeditik hasi eta udal ordenantzetaraino.

Galdutako lekua berreskuratu behar dugula uste dugu. Hau da, herritarren parte-hartze aktiboa oinarri hartuta kalea berreskuratu. Guztion artean berreskuratu “goitik” itzuli diezaguten itxaron gabe.

Eskubide zibil eta politikoen defentsa orokor eta bateratua behar-beharrezkoa dela uste dugu.

Beste garai batzuetan irabazitakoaren defentsan erantzutea eta inplikatzea beharrezkoa da, kalean, hain zuzen ere. Herri-harresia eraiki nahi dugu, guztion artean. Euskarri modura balio dezan. Herri-ekimenak indartu eta berriak sortzeko ere balio dezan.

DOKUMENTAL BAT EGIN NAHI DUGU, AGERIAN UTZ DEZAN:

-Epaiketen izaera politikoa.
-Inkomunikatutako atxiloketa aldia igarotzeak zer suposatzen duen eta torturaren erabilera politikoa.
-Baldintzapeko espetxealdiaren gehiegizko erabilpena eta horrek garapen pertsonalean, laboralean, prestakuntzan, giza harremanetan… duen eragina. Urte bete eta bi urte artean espetxean igaro ostean, berriro urte luzez espetxera zaitzakeen epaiketaren zain egoteak suposatzen duena.
-Atxiloketa eta epaiketen aurkako erantzun solidario eta konprometitua.
-Disidentziarako eskubidea.

8000€ BEHAR DITUGU:

-Filmaketa, edizio, postprodukzio, diseinu-grafiko eta gisako gastuetarako.
-Zuen ekarpenengatik zor zaizkizuen oparientzako.
-Bidalketa gastuetarako.
-Banku-gastuetarako eta Verkamiri dagokion %5erako.

LAN EGUTEGIA:

Filmaketa urrian hasiko litzateke. Eta filmaketa amaitu ondoren 3 hilabete beharko ditugu muntaia eta postprodukzioarekin amaitzeko. Beraz, martxorako prest legoke.

LANKIDETZAN ARITU DIRA:


Torturaren Aurkako Taldea


Argia


Ateak Ireki


Sare Antifaxista


EguzkiBideoak


MilVietnams