Muy  Bastas

MARTXOAREN 3aren MEMORIA SOZIAL ETA POLITIKO BATEN ALDE

Oroitzapenei hautsa kentzen, egun batzuk barru 40. urtemugan gogoratuko dugun borroka baten ametsak biziberritzen: 1976ko martxoaren 3a.

Hainbat produkzio-adarretako 10-12 lantegi ginen, bi hilabetetan borrokan bat eginik aldarrikapen-taula komun baten inguruan. Gobernuak eta patronalak, greba apurtzeko hamaika saiakerek huts eginik, tiroz eta hiltzeko asmoz jo zuten azkenik. Emaitza: bost kide erail eta ehun baino gehiago zauritu, gehienak balaz.

Lanpostuak utzi eta ekoizpena eten genuen. Eguneroko asanblada-eztabaida-erabakiguneak gure borrokaren orube bilakatu genituen; Batzorde Ordezkatzaileak, asanbladak uneoro ezeztatu eta berritu zitzakeen horiek, berriz, bozeramaile soil. Demokrazia zuzena praktikatuz, “inor ez da inor baino gehiago” ezarri genuen.

Diktaduraren eta horren Sindikatu Bertikalaren aurrez aurre, Boterea ulertzeko modu berri bat inposatzen genuen; “obedituz agintzearena”.

Lantegietatik kanporatu gintuztenean kaleak eta elizak okupatu genituen. Lurralde aske bihurtu genituen, espazio ireki, bizitza oasi, eta diktadurak zigortzen zituen batzartzeko, mobilizatzeko eta adierazteko eskubideak txertatu genizkien.

Kolpatuak, zaurituak, atxilotuak izan ginen… eta negoziazio oro eten genuen, kanporatutako lagunak berriz onartzea eta atxilotuen askatasuna lehenetsiz.

Asanbladek, eguneroko eztabaidekin formazio eskola bihurtuak, eraikin instituzionalaren izaera errepresibo eta klasista biluztu zuten, gutako askok ordura arte patronalaz, indar armatuez edo komunikabideez genuen irudia antzaldatuz.

Gure autoantolaketa eredu horizontal, garden eta parte-hartzaileak erakarpen-indar bilakatu ziren. Emakumeak, ikasleak eta jakinguraz zeudenak seduzitu eta erakarri zituen. Horrek guztiak gure autoestimua indartu zuen, geure duintasunaren langa igoarazi. Hainbesteraino, non Botereak hil asmoz tiro egitea beste irtenbiderik ez zuen ikusi. Garaian Lan Harremanetarako Ministro zen Martin Villak gerora azaldu zuenez, gutxi batzuk akabatu “gainontzekoak arrastoan sartzeko”.

Gobernuak espero ez bezala Gasteizekiko elkartasuna handia izan zen –eta horrek beste hiru hildako utzi zituen Basaurin, Tarragonan eta Erroman–, eta lan-gatazkek gora egin zuten. Gobernuak bere egitasmoak zalantzan ikusi zituen orduan, eta taktika mudatu zuen, ezer alda ez zedin.

Jendartearen Anestesiarako Politika deitu izan da: pertsonak erosi zituzten, alderdiak eta sindikatuak legeztatu eta, oposizioarekin eta sektore frankistekin batera, lan-gatazken nondik norakoak zehaztu eta mugatu zituzten. Dena, kapitalaren garapenaren mesederako.

Martxoaren 3 guztietan, eta aurtengoa 40.a izango da, eraildako bost kide eta lagunak gogoan hartzen ditugu: ROMUALDO BARROSO, FRANCISCO AZNAR, PEDRO MARIA OCIO, JOSE CASTILLO eta BIENVENIDO PEREDA. Baita ehundik gorako zaurituak ere.

5ak

Urtemugan parte hartzeak bizi izan genuen historia haren bizipenak biziagotzen dizkigu, gure autoestimua eta kontzientzia ona goragotzen, egindakoagatiko harrotasuna pizten. Orain 40 urte egindakoengatik, ordea.

Baina, hainbestetan oroitutako historia txiki aparteko hau, errutina-kolpez gero eta indargabetuagoa dago. Pizgarri gero eta ahalkeagoa, instituzionalizatutako erritual errepikakor baten baitan ikono bihurtua.

Lokarrarazia, abandonatua, gezurrez aurkeztua, erabilia, txalotua, norbereganatua, ofrendaz inguratua eta aldarean ezarria. Baina memoriaz hustua edo memoria otzandu batetara kondenatua, mendekotasuna sustatuz eta ezintasuna hedatuz.

Urtez urte mota guztietako instituzioek, berripaperek, irratiek, telebistek, elizak, patronalak, sindikatuek, alderdiek, gobernuak, denek oroitarazten dizkigute bost hildakoak. Eta idazten duen honek zalantza egiten du, ez ote duten egingo hain demokrazia demokratikoa dugun garaiotan nagusi den ondoezari hitzez eta gorputzez aurre egiteko prest egon daitezkeenak kikiltzeko asmoz.

Nagusi den errealitate horren ondoan, bidezkoa da zenbait kolektibo minoritario eta gazte aintzat hartzea. Gasteizen borrokatu genituen ametsen eta praktikatu genituen demokrazia zuzeneko moduen aldarriari bizirik eusten diotenak. Txalo eurentzako.

Eraildako bost borroka-kideak euren ametsen edertasunez gabetuak oroitzea, euren jarreraren ausardiaz, berdintasunaren aldeko borrokaz, parte-hartzerako modu horizontal eta zuzenez, boterea “obedituz agintzea” ulertzeko eraz… horretaz guztiaz gabetuak oroitzea martxoaren 3aren borroka urardotzea da. Eta ez gara ahanztura inuzente batez ari, modu hotzean neurtutako batez baizik. Orduko antolaketa ereduak eta borrokan eragiteko moduak egungo praktika eta egitura bertikalekin konfrontatzea ekiditen duen ahanztura interesatua.

Luis Llachek, “Campanadas a mort” abestian, “bizitzen eta arrazoien hiltzaileak” aipatzen ditu. Bizitzen eraileak Gobernua eta Patronala dira. Euren bizitzen arrazoien hiltzaileak, berriz, ez ote gara gu izango? Ez ote dugu gainontzekoen makurrarazte horretan lagunduko, gure isiltasunarekin eta memoria otzanduekin, Martin Villak erailketekin egin bezala?

Hau da nire ekarpena Gasteizko grebaren eta eraildako bost lagunen memoria historikoari, 40 urte betetzen diren honetan.

Imanol Olabarria (Langileen Batzorde Ordezkatzaileetako kidea)

M32

Idatzi erantzun bat